XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alferrik da erreboltatzea. Ezer egiterik ez dago.

Nola hasi zen gero han eta hemen gauzatxoak egiten, geroago nola hasi zen piska bat irabazten, mendebaletik eskuratzen zituen aldizkari eta foto pornografikoak salduz enplegatuei, bere lehenagoko lankideei, eta nola azkenean berriro lehengo lantokian hartu zuten, adiskideoi eskerrak.

Hori bai, kontuz ibili beharra zeukan.

Tontokeriak egiten ez zeukan ibiltzerik, bestela akabo.

Lehenagoko historio dena aterako zioten edozein egunetan.

Ez zioten egin pendiente zeukan judizioa eta gustora zegoen, berriz herritar normal bat zen, ez markatua, ez sospetxosoa, eta bizi egin nahi zuen.

Bizi.

Espetxea eta urte beltz haiek ahaztu.

Beste hainbat idazle gogoratu genuen.

Haien biziera tristea kontatzen zidan.

Oraindik ere egin nahi zuten eta ezin zuten borroka.

Desesperazioa. Bakardadea. Nola desegin ziren familiak.

Nola atera zituzten Pragatik eta baso aldeko herrisketatik sakabanatu.

Jirik gasolindegi batetan lan egiten zuen, Praga inguruan, eta idazten jarraitzen zuen.

Nahikoa suerte izan zuen, bai.

Otta itzultzaile bezala ari zen, argitaletxe batentzat.

Nobela merkeak.

Sveto zemento fabrika baten komedorean.

Bai, oraindik teatroaz arduratuz jarraitzen zuen eta ideia interesgarriak zeuzkan, bai...

Baina hau luzarorako dago eta horrela ez dago bizitzerik.

Beti bijilatuak esaten zidan, mehatxatuak, axatuak, gogait eraginak, eta edozein egunetan edozein huskeriagatik berriro zuloan.

Eta anekdota zirraragarriak erasten zituen.

Noiz arte jarraituko ote duen egoera honek?.

Ez jakin. Errusoek esango dute..

Eta behin eta berriro: ez dauka sentidorik.

Nire adiskidea sekula ez zen heroi bat izan.

Inbasio tropak Pragan sartu zirenean, mundu guzia bezala, bera eta emaztea ere paparrean banderatxo banarekin atera ziren kalera.

Hori zen dena.

Gero gartzela.

Spray botatzen zioten begietara eta ikaragarri erretzen zuen.

Pilaka zeuden gela bakoitzean, ikaragarri jende, ezin etzan ere.

Egunero ekartzen eta eramaten zuten jende berria.

Bera libre utzi zuten.

Eta orain bizi egin nahi zuen.

Nik ez nekien zer esan.

Zer esan behar nion?.

Bizi egin nahi zuen eta bizitzeko eskubide oso-osoa zeukan.

Askotan kontatu dut historio hau Euskal Herrian, hemengo lagunei.

Eta ez zidatela entzuten, edo sinesten, edo ez ziotela inportantziarik ematen, egin dit beti inpresioa.

Ez da heroi baten historia, etsi zuen batena da.

Bere beldurrarekin xantajea egin zioten batena.